Zorretan antzezlanak irabazi du 25. Donostia antzerki saria. Agurtzane Intxaurragak idatzi eta zuzendu du, eta Iñake Irastorza oriotarra da aktoreetako bat, Miren Gaztañaga eta Jabi Barandiaranekin batera.
Hika Teatroaren obra joan den urriaren 25ean estreinatu zuten, eta epaimahaiaren iritziz, lan hori izan da 2024an antzerki konpainia profesional batek Donostian helduentzako eta euskaraz egindako antzezlanik onena. "Oso modu egokian daude ekarrita taulara antzezlanean jorratzen diren gai sakonak: amatasuna, ama-alabaren arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua... Eta gai horiek planteatzeko modu eta ikuskera ugari erabili ditu egileak", iritzi dio epaimahaiak.
Epaimahaia sei lagunek osatu dute: Mikel Mendarte antzerkizaleak, Xabina Claverie-Urruty kultur teknikariak, Xanti Val Lezoko Udaleko kultur teknikariak eta Andoni Mutiloa, Asun Martinez eta Idurre Izagirre publikoaren ordezkariek.
Sari hau ez da lana jasotzen ari den aitortza bakarra, Max sarietarako sei izendapen jaso baititu antzezlanak: obra onenarena, gizonezko aktore onenarena, emakumezko aktore onenarena, egile onenarena eta ekoizpen onenarena.
Sari banaketa eta emanaldia
Saria martxoaren 27an jasoko dute, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egingo duten ekitaldian. Hika Teatroa konpainiak 12.000 euro eta Juan Ignazio Mendizabal Mendi artistaren eskultura jasoko ditu.
Sari banaketaren ondoren, antzezlana ikusteko aukera egongo da. Antolatzaileek azaldu dute gonbidapenak martxoaren 25ean jarriko dituztela eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan bertan, 11:30etik aurrera.