Urri amaieratik zabiltza Zorretan antzezlana taularatzen. Zer moduzko harrera ari da izaten?
Hasiera oso ona izaten ari da, egia esan. Urriaren 24an eta 25ean estreinatu genuen Egiako Gazteszena antzokian, eta ordutik toki askotan izan gara.
Esperotako hasiera izan al da?
Esperotakoa ez dakit, baina nahi genuena izan da. Beti saiatzen zara gauzak ondo egiten, baina inoiz ez dakizu ikusleek zer harrera egingo dioten, eta oso gustura gaude erantzunarekin. Ezinezkoa da mundu guztiari gustatzea, baina jende gehiengoaren berotasuna sentitzen ari gara, eta hori zerbaitegatik da. Momentu barregarriak ditu antzezlan honek, isiltasuna eragiten dutenak ere bai, baita hunkitzen dutenak ere. Ikusleak adi-adi daudela sentitzen dugu; ederra da hori.
Tragikomedia poetiko gisa definitu dute.
Bai, hala da. Amatasunaz, zaintzaz eta maitasunaz hitz egiten duen tragikomedia dela esango nuke, eta estilo aldetik badituela berezitasun batzuk. Kontakizunean zehar egoera errealistak, komikoak eta absurdoak edo surrealistak gertatuko dira. Denbora aldetik, pertsonaiaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko narrazio puskatu edo hautsia dago, eta publikoak ezingo du istorioa linealki jarraitu. Badago misterio bat: zer ari da gertatzen momentu honetan? Atentzio berezia eskatzen duen obra da alde horretatik. Horrez gain, bizitzan gertatzen den bezala, momentu oso onak egongo dira gehienetan, baina beste batzuetan momentu oso txarrak daude, baita bat-batean puskatzen diren momentuak ere...
Zer konta dezakezu zure pertsonaiari buruz?
Loreren [Miren Gaztañaga] ama naiz, eta Jonen [Jabi Barandiaran] amaginarreba. Bizitzako momentu zehatz batean, nire alabari denak gainezka egitea eragingo dion zerbait gertatuko da. Nire pertsonaiak emango dio ukitu absurdoa eta magikoa istorioari, nahiz eta narrazioan zehar badauden oso errealistak diren uneak ere. Nahastuz doaz estiloak.
Puri-purian dauden gaiak dira zaintza eta amatasuna.
Zaintzari dagokionez, atzera botatzen dut begirada, eta ikusten dut nola jarraitu behar izan dugun beti bidetik irten gabe, bai emakumeok, bai gizonek. Emakumeenak are errei estuagoak izan dira, eta jarraitzen dute izaten, nire ustez. Zaintzaren gaia, beste batzuk bezala, tabua izan da. Baina zeinen bizkar deskargatzen dira umeen zaintza, gurasoena, norberarena, senarrarena eta anai-arrebena? Aurrerapausoak eman dira, baina oraindik eman behar direla uste dut. Oraindik tabua da gauza horietaz hitz egitea; uste dut hitz egiteak inori ez diola kalte egiten eta tabu izateari utzi behar diotela horrelako gaiek. Arrazoi asko egon daitezke ez zaintzeko: ezina, nahi ez izatea edo topera iristea. Zenbat eta lasaiago hitz egin, hobe. Norbaitek ezin badu edo ez badu nahi zaindu, nolakoa izango da zaintza hori? Bide sanoagoa da hitz egitea eta ikustea zer aukera dauden zaintza beharrei aurre egiteko.
Igande honetan zeure herrian aurkeztuko duzu obra.
Herrian antzeztean tximeleta bereziak jartzen zaizkit sabel inguruan, baina polita da hori. Tximeletek erakarri egiten dute, eta, aldi berean, baita kezkatu ere. Orion muga batzuk baditugu argiarekin eta espazioarekin, baina saiatuko gara daukagun lana ahalik eta ondoen zerbitzatzen.
Hainbeste urtetako ibilbide luzea eduki arren, tximeletak eta kezkak izaten dituzu oraindik?
Kezkak beti hor daude; uste nuen denborarekin hori gaindituko nuela, baina alderantziz izan da, kar-kar. Aurrekoan beste aktore bati gauza bera entzun nion, eta beraz, ez naiz bakarra. Kezka ez da joan, eta ez da joango. Gainera, uste dut gaztetasunak ausardia ematen duela, eta hori pixka bat bukatu denez, kezkak ugaritu egin dira. Baina, era berean, esperientziak laguntzen du, eta beraz, ezin naiz kexatu.
Antzezlanarekin batetik bestera zabiltza, eta aldi berean, Paulo Urkijoren Gaua filmatzen ari zara.
Hala da, bai. Oso gustura ari gara lanean, oso lan polita izango dela uste dut, baina ezin dut askorik hitz egin horri buruz. Paulek orain arte egin dituen lanak oso onak dira, eta uste dut hau ere horrela izango dela: gaia eta gidoia interesatu zitzaizkidan, eta film ederra izango da. Filmaketa martxoan amaituko dugu, baina oraindik ez dakit ikus-entzunezkoa noiz egongo den amaituta. Ez da esku artean daukazun proiektu bakarra, ezta? Ez. 2026 hasieran film labur bat egingo dugu Orio aldean, jende gaztearekin, eta ilusio handia egiten dit horrek. Proiektu polita da, oso interesgarria iruditu zait, eta pozik nago. Horri buruz ere gehiago ezin dut esan momentuz.
'Zorretan' antzezlana, Orion igande honetan
Hika Teatroak ondu du Zorretan ikuskizuna, eta igande honetan Orioko Kultur Etxeko aretoan izango dira Iñake Irastorza, Miren Gaztañaga eta Jabi Barandiaran aktoreak antzezlana taularatzeko. Emanaldia18:00etan izango da.
Gukak, Orioko Kultura sailari esker, sarrera bikoitz bat zozkatuko du bazkideen artean. Horretarako, orioguka.eus atarian eman behar da izena zozketaren atalean, biharko 12:00ak baino lehen.