Inauteriak 2025

Egun osoko festa izango da aurten Orioko inauterietan

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 19a, 14:08

Herritar bat mozorrotuta.

11:30ean hasi eta iluntzera arte, desfiea, photocall-a, herri bazkaria, mozorro lehiaketa eta zuzeneko musika emanaldiak antolatu dituzte elkarlanean Orioko Udalak, Txurrumuskik eta Arkupek.

Martxoaren 1ean ospatuko dira inauteriak aurten, larunbatarekin, eta, egun osoko egitarau oparoa antolatu dute Orioko Udalak, Txurrumuskik eta Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak, elkarlanean.

Ohi bezala herri bazkaria egingo da pilotalekuan, baina berrikuntzarik ere bada aurten; izan ere, arratsaldean Herriko Plazan kantu, dantza, koreografia eta mozorro festa egingo dira, eta sariak banatuko dituzte. Parte hartu nahi dutenek aste honetan bertan eman beharko dute izena, igandea baino lehen, Ludotekan edo Ametsa gaztelekuan. Izena ematerako orduan, taldearen izena eta abestia jakinarazi beharko zaizkie antolatzaileei.

Txurrumuskik bere sare sozialen bidez dei egin die adin guztietako herritarrei ekitaldian parte hartzera, "nahi duzuen mozorro, talde eta abestirekin". Herritarrek, aukeratutako abestiarekin, nahi duten ikuskizuna eskaini ahalko dute, besteak beste, dantza, antzerkia edo karaokea. 

Egitaraua

  • 11:30. Inauterietako desfilea, Bikamiota eta Kosta Tailerraren paretik abiatuta.
  • 13:00. Photocall-a, Endaia Plazan
  • 14:30. Herri bazkaria, pilotalekuan. Bazkalostean, musika herriko txarangaren eskutik eta kalejira Herriko Plazara.
  • 17:30. Kantu, dantza, koreografia eta mozorro festa, Herriko Plazan. Adin guztietako lagun talde eta familientzako saioa izango da, eta sariak banatuko dira.
  • 19:00. Festa Herriko Plazan, Matraka elektrotxarangarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide