Noemi Ostolaza oriotarra izango da Emakundeko idazkari nagusi berria, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. Horien arabera, Imanol Pradales lehendakariak atzoko Gobernu Kontseiluan egin zuen izendapena. Orioko EAJk ere izendapenaren berri eman du gaur bere sare sozialetan.
Ostolaza EAJko zinegotzia da Orioko Udalean, eta 2023an Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izendatu zuten. Euskal Autonomia Erkidegoko azken hauteskundeen ondoren, ordea, PSE-EEk hartu zuen sail hori, eta hala, Ostolazak ez zuen karguan jarraitu.
Giza Eskubideen zuzendari izan aurretik Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko kabineteko zuzendaria izan zen. 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan, Orioko EAJren alkategai aurkeztu zen eta, ordutik, herriko zinegotzia da.
Eusko Jaurlaritzan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean aholkulari aritua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere jardun du aholkulari.