Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, musika eskolek eta pianoko irakasleek antolatuta, Piano Topaketak egingo dituzte asteburuan Euskal Herriko hainbat herritan. Horren harira, Danbolin musika eta dantza eskolako 8 eta 17 urte bitarteko hogei ikaslek Elgoibarren (Gipuzkoa) egingo den saioan parte hartuko dute.
Elgoibarko topaketa otsailaren 22an, larunbatarekin, egingo dute Inazio Bereziartua musika eskolako aretoan. Guztira, lau eskolatako 92 piano-jotzailek parte hartuko dute, hala nola Orioko Danbolin musika eta dantza eskolakoek, Zarauzko Imanol Urbieta udal musika eskolakoek, Zestoako Ertxiña musika eskolakoek eta Elgoibarko Inazio Bereziartua musika eskolakoek. "Topaketaren helburua da ikasleei jendaurrean jotzeko espazio goxoa eta atsegina eskaintzea, eta haiekin batera, senideek eta lagunek ere entzunaldiez gozatzea", azaldu du Orioko Udalak.
Hori horrela, hiru maila eta modalitate bereiziko dituzte adinaren arabera, eta lau txandatan ariko dira musikari gaztetxoak. Txanda bakoitza bukatutakoan, ikasleei diploma bana emango diete. Honako hauek dira Orioko eskolako parte-hartzaileak:
- Lehenengo txanda, 10:00etatik 11:00etara:
- Bakarlariak: Jon Salsamendi, Julen Txintxurreta.
- Lau eskutara: Enzo Martinez eta Iosu Inclan, Liz Albizu eta Deyan Iddrisu.
- Bigarren txanda, 11:30etik 12:30era:
- Bakarlaria: Ander Perez.
- Lau eskutara: Selina Chen eta Katixa Igoa.
- Hirugarren txanda, 13:00etatik 14:00etara:
- Bakarlariak: Ane Blazquez, Ganix Sukia.
- Lau eskutara: Ander Perez eta Diego Paredes, Arrate Igartua eta Arene Garmendia.
- Laugarren txanda, 16:30etik 17:30era:
- Bakarlaria: Eki Artetxe.
- Lau eskutara: Iraia Peña eta Irati Txintxurreta, Ander Roig eta Luken San Jose.
Orioko ikasleek hainbat konpositoren obrak joko dituzte, hala nola D. Kabalevskirenak, M. Clementirenak, J. S. Bachenak, C. Gurlittenak, F. Chopinenak, M. Mierrenak, J. Bastienenak, Ch. Rollinenak, J. Storomirenak, P. Wedgwoodenak, B. Steinbergenak, J. Kanderrenak eta J. G. Williamenak.