La Esquina del Boxeo elkarteak antolatuta, Velada Boxeo txapelketa jokatu zuten aurreko larunbatean Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Bertan izan ziren Orioko River Box&Roll klubeko bi boxeolari, Eneko Gaztañaga oriotarra eta Liher Arizaga aiarra, hain zuzen ere. Bi boxeolariak Elite kategorian lehiatu ziren: Gaztañaga 79 kiloan, eta Arizaga, aldiz, 65 kiloan.
Arizaga izan zen bietatik lehena ring gainera igotzen, eta tamalez, ez zuen lortu bere lehiakidea garaitzea. Hirugarren erasoan arbitroak konbatea geratu behar izan zuen odoljarioa izan zuelako sudurrean. "Bere aurkariak 'legez kanpoko praktikak' egin zituen, kolkotik helduz eta beste eskuarekin kolpatuz. Medikuak eta neuk sendatu genizkion zauriak, eta azkenean arbitroak borroka geratu behar izan zuen. Pena horrekin geratu gara", azaldu du Ibai Marin River Box&Roll klubeko entrenatzaileak.
Arizagaren txandaren ostean, 20 minutuko atsedenaldia egin zuten, eta amaitu bezain laster, Gaztañagaren txanda izan zen ringera igotzeko. Marinek jakinarazi duenez, beraien taktika "lasaitasunez hastea" zen, izan ere, Gaztañagak "aurrerantz jotzeko joera" baitu. Hala eta guztiz ere, aurkariak ez zion beste aukerarik eman oriotarrari, "intentsitate askorekin" atera baitzen eta Gaztañagak erantzun egin zuen. 30 segundo baino gutxiagotan aurkaria bi aldiz lurrera botatzea lortu zuen oriotarrak, eta ondorioz, garaipena eskuratu zuen, aurkariak amore emanda.
Entrenatzaileak gehitu du debut "oso ona" egin zutela bi borrokalariek, eta biekin "oso kontentu" dagoela: "Gustura nago Liherren adorearekin eta Enekoren intentsitatearekin. Lan oso ona egin dugu eta denen bistan geratu da".