Abian da Euskal Herriko XVI. Mus Txapelketa, eta gaur arratsaldean Orion jokatu da kanporaketetako bat. 11 bikotek hartu dute parte, eta horietatik bi sailkatuko dira Gipuzkoako txapelketara.
Nazio mailako lehia iazko azaroan hasi zen, eta apirilaren 5ean amaituko da Zigoitiko Gopegi herrian (Araba). Lehenengo fasean daude orain, eta herriz herri ari dira partidak jokatzen martxoaren 2ra arte. Herrialdekako finalak, martxoaren 22an izango dira; Gipuzkoakoa Itsasondoko Errota pilotalekuan jokatuko dute.
Euskal Herriko txapeldunek 3.000 euro, txapelak, garaikurrak eta lau lagunentzako Kariberako bidaia eskuratuko dituzte. Txapeldunordeek, berriz, 1.500 euro, garaikurrak eta bi lagunentzako Kariberako bidaia lortuko dituzte.