77 ontzi eta mila arraunlari lehiatuko dira larunbatean Oriaren 31. Traineru Jaitsieran

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 13a, 15:36

Jabier Etxarri, Anuska Esnal eta Xabi Altuna, gaur eguerdian, Arraunetxen, aurtengo banderak eskuetan. (Onintza Lete Arrieta)

16:30ean hasiko dituzte estropadak errioan. Jubenilek, beteranoek eta seniorrek parte hartuko dute, baita llagutek ere. Iaz baino hamar talde gutxiago izango dira aurtengoan. Neguko lana testatzeko balioko die arraunlariei lehiaketak.

Gaur eguerdian aurkeztu dute Arraunetxen Oriaren 31. Traineru Jaitsiera Xabi Altuna Orio arraunketa elkarteko zuzendaritzako kideak, Anuska Esnal Orioko alkateak eta Jabier Etxarri Orialki enpresako ordezkariak – klubaren laguntzaile nagusia da enpresa hori–. Altunak jakinarazi du larunbatean 16:30ean hasiko direla erlojuaren kontrako estropadak, eta 77 ontzik parte hartuko dutela aurtengo hitzorduan; mila arraunlari ibiliko dira errioan, guztira.

Iazko edizioarekin alderatuta, hamar talde gutxiago izango dira aurten arraunlarien neguko lana testatzeko balio duen lehiaketara, eta senior gizonezkoetan, esaterako, Ondarroa eta Arkote izango dira Bizkaiko bakarrak. Horren arrazoia azaldu du Altunak: hiru traineru jaitsiera elkarren segidan jokatu dituzte –Portugaleteko Traineru Jaitsiera orain bi asteburu jokatu zuten azkenean, eguraldi txarragatik atzeratu beharra izan zutelako–, eta horregatik, traineru batzuek ez dute asteburu honetako hitzordua behar bezala prestatzeko denborarik izan.

Seniorrei begira

Ikusmin handia eragin ohi du Oriaren Jaitsierak, traineru denboraldia ekainean hasten delako, eta hiruzpalau hilabeteren faltan, senior mailako traineruak zer sasoitan dauden ikusteko balio duelako. Orioko emakumezkoak uretan ikusteko aukera egon da dagoeneko, Portugaleteko Traineru Jaitsieran parte hartu zutelako –baita hura irabazi ere–, baina Orioko gizonezkoentzat aurreneko testa izango da larunbatekoa, eta ikusmina bereziki izango da handia, aurtengo denboraldian egon diren aldaketa guztiak kontuan hartuta.

Gizonezko seniorretan hamabost traineruk parte hartuko dute jaitsieran, 17:40ean hasita, tartean eskualdeko guztiek –Orioko A eta B ontziek, Getariak, Zarautzek eta Zumaiak–. Orio A trainerua izango da lehiatzen azkena, 18:04ean hasita. Emakumezko seniorren lehia, berriz, minutu batzuk lehenago hasiko da, 17:37ean, eta hamahiru talde uretaratuko dira.

Emakumezkoetan ere eskualdeko talde guztiek parte hartuko dute, hau da, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Beteranoetan Badok13k eta Zumaiak bina ontzi uretaratuko dituzte, eta jubeniletan, berriz, Getaria eta Orio izango dira eskualdeko ordezkariak. Orioko klubekoek, gainera, talde mistoa uretaratuko dute aurtengoan.

Ibilbideari dagokionez, ohikoa izango da: gizonezko seniorrek 6.000 metroko distantzia osatu beharko dute Mapiletik (Aginaga) irtenda Orioko zubi ingururaino, eta senior emakumezkoek eta gainerako kategoriek, berriz, 4.000 metroko distantzia, Saikolatik abiatuta. Minutu bateko tartearekin aterako dira ontzi guztiak. Sari banaketa, berriz, helmuga parean egingo dute.

Festa giroa herrian

Larunbaterako eguraldi ona dago aurreikusita, baita 20 graduko tenperatura ere, eta Altunak azpimarratu du arraunerako giro ezin hobea izango dela, beraz.

Anuska Esnal alkateak ere giroa aipatu du, baina ez eguraldiarena, traineru jaitsierak herrian sortzen duena baizik. Orio herri arraun zalea izanik, errioan hainbeste traineru ikusteak herrian sortzen duen giro ona nabarmendu du. Halaber, gogorarazi du egun horretan herriko tabernek ere festetako ordutegia izaten dutela, kirol hitzorduak herrian duen eraginaren seinale.

Traineruen zerrenda eta hurrenkera

Honakoa izango da Oriaren 31. Traineru Jaitsieran parte hartuko duten ontzien zerrenda, eta bertan zehaztuta ikus daiteke bakoitzaren irteera ordua ere:

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide