Bigarren urtez, Peugeot 205 motako 100 ibilgailutik gora Euskal Herritik Marokora abiatuko dira. Nomad Raid bidaia solidarioa da, eta parte-hartzaileek abiapuntua Orion izango dute igande honetan.
Martxan jarri aurretik, ordea, irteera-ekitaldia egingo dute hondartzako aparkalekuan, 11:30ean hasita. Bertan, herriko Caritas elkarteari material solidarioa banatuko diote, "500 kilo inguru janari eta garbiketako produktuak", udalak jakinarazi duen bezala. Aparkalekuan parte-hartzaileentzako gune bat jarriko dute, eta ondorioz, ostiraletik igandera bitartean herritarrek eta bisitariek ezin izango dute han aparkatu.
Geldialdiak basamortuko herrietan
Urtero hainbat herrialdetako parte-hartzaileek egiten dute hegoalderanzko bidaia, basamortuko haurrei eskolarako materiala eta bizikletak eramateko. "Gainera, auto bakoitzean bizikleta bat eramango dute bidaiariek, eta guztira 40 kilo eskola-material banatuko dute basamortuko herrixketan", azaldu du udalak.
Helburura iristeko 12 egun beharko dituzte, guztira 4.000 kilometro eginda. Bidaia Oriotik abiatuko dute, eta Salamanca, Algeciras, Tanger, Marrakech, Zagora, Boulaajoul eta Merzouga hirietatik igaroko dira.
Goizean izen-emateak eta bestelako prestaketa-lanak egingo dituzte, eta 11:30ean hasiko da ekitaldia. Azkenik, 12:00etan, basamorturantz abiatuko dira, talde txikitan banatuta.