Kimuak dantza taldeak Generorantz ikuskizun ederra eskaini zuen atzo arratsaldean, Karela kiroldegiko kantxan. Baina emanaldia are bereziagoa aurreikusten zen Ander Errasti dantzari oriotarraren azkena izan zelako: oholtza gainera igotzeari uzteko erabakia hartu eta herritarren aurrean agur esateko hitzordua, alegia.
Testuinguru horretatik abiatuta, arratsalde gogoangarria bihurtu zen. Emanaldian zehar, jada, "Aupa Ander!" bezalako animo ozenak entzun zitezkeen ikusleen ikusleen aulkietatik. Dantzaldiaren amaieran sortu zen momentu gailurra, izan ere, Errastiren dantza ikasleek eta taldekide ohiek lore sortak eta txapela oparitu zizkioten, eta hori guztia gutxi balitz, agurra dantzatu zioten eszenatokira irtenda. Halaber, Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta taldekideak bertso bat abestu zion.
Dantzari oriotarrak hunkituta jaso zuen herritarren, taldekideen eta bertaratu ziren guztien beroa, eta biziki eskertuta, eta dantzari ibilbideari merezitako ginga jarrita, agur esan zien agertokiei.