Galiziatik ere, dominekin etxera

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 10a, 09:57

Eskuinean, skull bikoan lortutako brontzezko dominarekin OAEko arraunlariak. (Utzitakoa)

Aulki mugikorreko txapelketak jokatu dira asteburuan Castrelo do Miñon, eta Euskadiko Selekzioa ordezkatuz, oriotarrek lau domina eskuratu zituzten, hiru zilarrezko eta brontzezko bat. Espainiako Iraupen Txapelketan, berriz, brontzezko domina eskuratu zuten OAEko mutil kadeteek skull bikoitzean.

Espainiako Iraupen Txapelketak eta Selekzio Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketak jokatu dituzte asteburuan Galizian, Castrelo do Miñon, eta lan ona eginda eta dominak eskuratuta itzuli dira beste behin arraunlari oriotarrak aulki mugikorreko probatik.

Espainiako Iraupen Txapelketak larunbat goizean jokatu zituzten estatuko 56 elkartek. Oriotarrek hamabi ontzi uretaratu zituzten, eta baita brontzezko domina eskuratu ere: mutil kadeteek lortu zuten hirugarren postu hori, skull bikoitzean. 

Larunbat arratsaldean eta igande goizean, berriz, Selekzio Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketak jokatu zituzten lau eta zortzi arraunlariko ontziek. Espainiako estatuko bederatzi komunitatek parte hartu zuten, tartean Euskadiko Selekazioak, eta bertan dozena bat arraunlari oriotar izan ziren lehian. Oriotarrek lau domina eskuratu zituzten Euskadi ordezkatuz, zilarrezko hiru domina eta brontzezko bat. Zilarrak jubeniletan eskuratu zituzten, zortzikoan mutilek eta neskek, eta kadeteetan, skull laukoan neskek. Brontzezko domina, berriz, jubenilek eskuratu zuten, lemazain gabeko laukoan.

Sailkapen orokorrean, hirugarren postuan sailkatu zen Euskal Selekzioa, Andaluziaren eta Kataluniaren atzetik. 

Ezkerrean, Euskadiko Selekziokoak, tartean Orioko arraunlariak. (Utzitakoa)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide