Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duen Darahli Zumaiako elkarteak eskualdeko familiak animatu nahi ditu Oporrak Bakean programan parte hartzera. Iaz, Zarauzko Saharautz elkartearen bidez Oriora, Getariara eta Zarautzera uda pasatzera lau haur etorri ziren, eta aurten harrera familia gehiago lortzeko asmoa dute programako arduradunek.
Euskadiko saharar ordezkaritzak eta Euskal Fondoak antolatzen dute urtero Oporrak Bakean programa. Horri esker, 8 urteko haur sahararrak Euskal Herrira etortzen dira udako hiletan. Programak onura ugari ematen dizkie parte hartzen duten Saharako haur eta familiei.: besteak beste, aukera izaten dute udan basamortuko baldintza gogorretatik aldentzeko, elikadura orekatua izateko, osasun azterketak egiteko eta kultura eta hizkuntza berriak ezagutzeko.
Euskal familientzat, berriz, Mendebaldeko Sahararen eta herri sahararraren egoera ezagutzeko baliagarria da esperientzia eta, gaztetxoen bidez, lehen harremana izaten dute hango hizkuntzarekin eta kulturarekin.
Harrera familia izateko interesa duten edo programaren inguruko informazio nahi duten familiak Darahli elkartearekin jar daitezke harremanetan darahlizumaia@gmail.com helbidera idatzita edota 605 70 14 63 telefono zenbakira deituta.