Galizian lehiatuko dira asteburu honetan Orioko hainbat arraunlari

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 7a, 10:03

Oriotarrak, zortziko ontzian. (OAE)

Bihar goizean Espainiako Iraupen Txapelketak izango dira, eta oriotarrek hamasei ontzirekin parte hartuko dute. Arratsaldean eta igande goizean, berriz, selekzio autonomikoen arteko Espainiako txapelketak jokatuko dituzte, eta hor Euskadiko Selekzioarekin lehiatuko dira dozena bat arraunlari oriotar.

Asteburu garrantzitsua izango da honakoa Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari batzuentzat, Espainiako Iraupen Txapelketak eta Selekzio Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketak jokatuko dituztelako Galizian, Castrelo do Miñon.

Bihar goizean, Espainiako Iraupen Txapelketak jokatuko dituzte. Estatuko 56 elkartek parte hartuko dutela jakinarazi du OAEk, guztira 375 ontzik. Oriotarrak ere hantxe izango dira, hamasei ontzirekin. Ontzi motzen lehia izango da, bakarka eta binaka ariko dira. Oriotarrei dagokienez, zazpi ontzi kadeteenak izango dira, zortzi ontzi jubenilenak, eta beste bat absolutua.

Larunbat arratsaldean eta igande goizean, berriz, Selekzio Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketak jokatuko dituzte. Ontzi luzeetan ariko dira, lau eta zortzi arraunlarikoak dira horiek, eta bederatzi komunitatek parte hartuko dute, guztira 105 ontzirekin. Tartean, Euskadiko Selekazioa lehiatuko da, eta bertan dozena bat arraunlari oriotar izango dira lehian. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide