Inauterietako bazkarirako sarrerak jarriko dituzte salgai etzi, turismo bulegoan

Julene Sorarrain 2025ko ots. 5a, 11:00

Duela bi urteko inauteritako herri bazkaria. (artxiboko irudia)

Orioko Udalak jakinarazi du inauterietako herri bazkarian "parte hartzaileen laguntza" beharko dela muntaia, desmuntaia eta garbiketa lanetarako. Hala, txartelak erosterako orduan, bost lagunetik batek izena eman beharko du zeregin horietan laguntzeko. 

Aurten martxoaren 1ean ospatuko dira Inauteriak, eta Orioko Udalak ospakizunerako egitaraua prestatu du herriko eragileekin elkarlanean.

Egitarauaren barruan herri bazkaria antolatu dute, eta txartelak ostiral honetan jarriko dituzte salgai turismo-bulegoan, 16:00etatik aurrera. Pertsona bakoitzak gehienez bost txartel erosi ahal izango ditu. 

Herri bazkaria pilotalekuan izango da, 14:30ean, eta 350 lagunentzako lekua egongo da. Euskal Parrillaren eskutik, hiru menu desberdin eskainiko dituzte:

  • Helduentzako 01 menua: Entsalada mistoa, oilaskoa parrillan, txerri-saiheskiak parrillan eta Ezeizako pasteltxoak. Ogia, kafea eta edariak. 20 euro.
  • Helduentzako 02 menua: Entsalada mistoa, barazki-menestra, lasagna beganoa eta fruta. Ogia, kafea eta edariak. 20 euro.
  • Haurrentzako menua: Patea, urdaiazpiko-kroketak, oilaskoa parrillan patatekin eta izozkia. Ogia eta edariak. 12 euro.

Bestalde, udalak jakinarazi du inauterietako herri bazkarian ere "parte hartzaileen laguntza" beharko dela muntaia, desmuntaia eta garbiketa lanetarako. Hala, txartelak erosterako orduan, bost lagunetik batek izena eman beharko du zeregin horietan laguntzeko; bost baino txartel gutxiago erosten dituztenek ere aukera izango dute boluntarioen zerrendan apuntatzeko.

Boluntarioak 11:00etan elkartuko dira frontoian, mahiak eta aulkiak kokatzeko. Muntaketa lanekin laguntzen dutenek haien lagun taldeentzat lekua erreserbatzeko aukera izango dute. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide