Benito Lertxundi saritu dute Eusko Ikaskuntzak eta Donibane Lohizuneko Herri Etxeak

Intza Trula 2025ko ots. 1a, 17:45

Benito Lertxundi. (Aritz Mutiozabal)

2025eko musika sariak banatu dituzte gaur goizean Donibane Lohizuneko Peyuco Duhart kultur zentroan. Ohorezko saria Benito Lertxundiri eman diote; gazte saria, berriz, Txomin Dhers musikariarentzat izan da.

2025eko musika sariak banatu dituzte gaur goizean Eusko Ikaskuntzak eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Herriko Etxeak, Peyuco Duhart kultur zentroan. Bi sari banatu dituzte ekitaldian, eta horietako bat Benito Lertxundiri eman diote: ohorezko saria, hain zuzen ere.

Hamarkada luzez egindako lanak euskal kulturaren sinbolo bihurtzera eraman duelako jaso du saria musikari oriotarrak. Izan ere, ohorezko saria musikaren alorrean egindako ekarpena errekonozitzeko helburuarekin ematen dute. Gaurkoan, artistak ezin izan du sari banaketa ekitaldian egon.

Banatu duten bigarren saria gazte saria izan da, eta Txomin Dhers musikari urruñarrari eman diote. Txalapartaria da izatez, eta gaur egun hainbat egitasmo ezagunetan parte hartzen du: hala nola Kimun, Mairun, Xiberootsen edo Basabin.

Sari banaketa ekitaldia Donibane Lohizunen, gaur goizean. (Eusko Ikaskuntza)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide