Orioko kirol taldeek besoko berdea jantziko dute minbiziaren kontra eta itxaropenaren alde

Onintza Lete Arrieta 2025ko urt. 30a, 15:53

Jokalari bat besoko berdearekin. (RC Deportivo)

Otsailaren 4an Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta egitasmoarekin bat egingo dute asteburu honetan Orioko Futbol Taldeak, Ospele pilota elkarteak eta OBB sofbol taldeak.

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da otsailaren 4a, asteartea, eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Guztiok Minbiziaren Aurka egitasmoaren barruan, asteburu honetan hainbat kirol taldek besoko berdea jantziko dute itxaropenaren sinbolo gisa. Hala egingo dute Ospele pilota elkarteko kideek larunbatean 16:30ean Orioko pilotalekuan jokatuko duten partidan eta baita Orioko Futbol Taldekoek ere 15:00etan eta 17:00etan Mendibeltzen jokatuko dituzten partidetan. Igandean, berriz, OBB sofbol taldekoek jantziko dituzte besoko berdeak, 10:00etan Donostian izango duten norgehiagokan.

Eskualdean, beste hainbat kirol taldek ere ekintza bera egingo dute.

Egitasmo honekin, minbiziaren aurkako elkarteak baikortasun mezua zabaldu nahi du gizartean: "Ohituta gaude kirol ezberdinetako jokalariak dolu gisa besoko beltzak erabiltzen ikustera. Gipuzkoako elkarteak mezu hori itxaropen mezu batekin trukatu nahi du, 2030ean gaixotasunaren %70eko biziraupena lortzeko asmoz".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide