Saregile Orioko emakumeen etxeak dagoeneko jakinarazi du zer ikastaro eskainiko dizkien emakume oriotarrei 2025eko lehenengo hiruhileko honetan, eta izena emateko epea zabalik dago horietarako. Lau arlo jorratuko dituzte Ahalduntze Eskoletan negu honetan: xilografia, ahalduntzea eta autoestimua, biodantza, eta haurdunentzako mugimenduak.
Azken horri dagokionez, otsailaren 7an hasiko da ikastaroa eta ekainaren 13ra arte eskainiko dute Saregilen, ostiralero. Saioak Jesica Farace yoga irakasleak zuzenduko ditu: "Metodoa baloi handiekin lan egitean datza, mugitzeko aukera ematen digutelako. Baloiek gainazal biguna dutenez, pelbisak dituen mugimendu mota ezberdinak nabaritu ditzakegu bertan. Mugimendu horiek galdu egiten ditugu hazten garen heinean, batez ere denbora asko eserita igarotzen dugun emakumeok. Mugikortasun handia galtzen dugu haurdunaldian. Programa honen bidez, mugimendu horiekin berriro konektatuko dugu, arnasketatik abiatuta".
Izen-ematea zabalik dago, eta horretarako galdetegi hau bete behar da. Informazio gehiago eskuratzeko, 623-17 85 53 zenbakira deitu edota saregile@orio.eus helbidera idatzi daiteke.