'Generorantz' dantza emanaldirako sarrerak, dagoeneko eskuragai turismo bulegoan

Julene Sorarrain 2025ko ots. 1a, 12:00

'GenEroa' ikuskizuna. (utzitakoa)

Kimua taldeak dantza-ikuskizuna eskainiko du otsailaren 9an, igandearekin, Karela kiroldegian. Sarrerak 10 euroan daude eskuragai turismo bulegoan eta online.

Kimua taldeak 2021ean estreinatu zuen GenEroa kaleko ikuskizuna. Emanaldia aretoetarako egokitu zuten, eta geroztik, Generorantz izenburupean, herriz herri ibili dira ikuskizuna eskaintzen. Baina, udalak jakinarazi duenez, otsailaren 9koa saioa "berezia" izango da: "Azkeneko aukera izango da Ander Errasti taldeko kide eta dantzari oriotarra emanaldi batean ikusteko, dantzari ibilbideari amaiera emango diolako Orioko saioan".

Dantza ikuskizunean hainbat koreografia interpretatuko dituzte. Musikak, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek, off-eko ahotsek, trantsizioek eta hainbat baliabidek lagunduta, premisa honi erantzungo diote: "Benetan askeak bagina, nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke?".

Sarrerak 10 euroan daude eskuragai turismo-bulegoan eta online. Pertsonako 4 sarrera erosteko aukera izango da, gehienez. Hauxe da turismo bulegoaren ordutegia:

  • Astegunetan: asteartetik ostiralera, goizez, 09:30etik 13:30era; eta asteazkenetik ostiralera, arratsaldez ere bai, 16:00etatik 19:00etara.
  • Asteburutan: larunbatetan 09:30etik 15:00etara; eta igandetan, 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide