Goxo, etxe giroan, aritu ziren atzo iluntzean Salatxo aretoan hogeiren bat lagun Elkanoren herriari bueltaka liburuaz haren egilearekin, Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarrarekin.
Juan Sebastian Elkano aitzakia hartuta, Euskal Herriak itsasoarekin izandako harremana kontatu du Izagirrek liburuan, baita orain bost mendeko eta egungo gizarteak alderatu ere. Liburua ontzeko, Euskal Herrian zehar bizikletaz bederatzi eguneko bidaia egin zuen taldean, Getarian hasi eta amaitzen dena. Liburuan, Orio eta inguruko herriak ere azaltzen dira, baita bidean aurkitutako hainbat pertsona ezagun eta anonimorekin izandako elkarrizketak ere.
Liburuak gaztelaniazko saiakerako Euskadi saria jaso zuen 2023an, eta iaz, liburuaren euskarazko bertsioa plazaratu zuen –Julen Gabiria itzultzaileak itzulita–, Elkanoren herriari bueltaka izenburupean.