ZKE Eskubaloiko jokalari nabarmena eta izaera handiko entrenatzailea izan zen Aitor Urbitarte (Zarautz, 1970). Egun, ordea, kantxak albo batera utzita ditu, eta berea bulegoko lana da. Hala ere, eskubaloiari hertsiki ezkonduta jarraitzen du, eta oso gustura gainera. Euskal Eskubaloi Federazioan dihardu jardunean, kirol arduradun postuan.
ZKEn eskubaloi jokalari eta entrenatzaile izandakoa zara, baina badira urte batzuk Euskal Eskubaloi Federazioko kirol arduraduna zarela. Nolatan sartu zinen federaziora?
Duela lau urte hasi nintzen federazioan lanean. Bizkaiko bi hautagai zeuden lehendakari izateko, eta egun Euskal Federazioko lehendakari den Sergio Barcenillak bere taldean sartzeko proposamena egin zidan, kirol arduradun modura. Sasoi hartan Zarautzen nengoen jubenil mailako eskubaloi taldea entrenatzen, eta iruditu zitzaidan aurrerapauso polita izan zitekeela, baita erronka berriei heltzeko bidea ere. Azken finean, beste maila batean edo beste ikuspegi batetik nola lan egiten den ikusteko aukera zen, eta horrela, buru-belarri murgildu nintzen federazioan.
Kirol arduraduna zara, baina zein da zure egitekoa?
Nire ardura da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailan jokatzen diren kategoria guztietako egutegiak osatzea, ekintza eta partida guztiak. Denboraldiko txapelketa guztiak antolatzen ditut –Euskal Kopako zein ligetako partidak–, baita selekzioen entrenamenduak ere. Adibidez, duela bizpahiru aste jokatu zuten Autonomia Erkidegoetako Selekzioen Espainiako Txapelketarako organigrama osoaz arduratu naiz, besteak beste, hautatzaileak aukeratzeaz. Aldaketa batzuk egin ditugu hautatzaileen artean, beharrezkoa iruditzen zitzaigulako aurpegi berriak sartzea, eta hori guztia kudeatzea izan da nire egitekoa.
Azken urteetan aurrerapauso batzuk eman dituzue selekzioaren ofizialtasuna lortzeko bidean. Zer falta da helburua lortu ahal izateko?
Garrantzitsuena falta da, Espainiako Eskubaloi Federazioak eta Nazioarteko Batzordeak horretarako aukera ematea. Ikusi dugu Pilotako Euskal Federazioak pauso hori ematea lortu duela, baina helegiteak ere jarri dizkiote. Ez dakit ofizialtasuna lortzerik izango dugun bizi garen bitartean, baina gure aletxoa jartzen saiatzen ari gara euskal selekzioa nazioartean ikus dezagun.
Elkarrizketa hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen aurrez. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.