Orioko Udalak iazko azaroko udalbatzarrean onartu zuen 2025eko egutegi fiskala, eta bertan zehaztutakoaren arabera, ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa aurreratu egingo dute aurten. Epea otsailaren 1etik martxoaren 31ra arte egongo da zabalik, eta ordainketa otsailaren 7an kobratuko zaie herritarrei.
Udalak jakinarazi duenez, zirkulazio-zerga helbideratuta duten herritarrek doan jasoko dute Aparkatzeko Udal Txartela, "baldin eta udaleko zergen ordainketan egunean badaude". "Egiaztatze-prozesu horrek epe bat behar izaten du eta, horregatik, azken urteetan txartelen bidalketa udalak nahi baino gehiago atzeratu izan da", azaldu du udalak.
Aurten, gauza bera ez errepikatzeko asmoarekin, eta txartelen bidalketa garaiz egiteko, ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa apiriletik martxora aurreratzea erabaki du udalak. Hori horrela, pegatinak apirilean bidaltzea aurreikusten du, denboraldi ertaina hastearekin batera.