Gipuzkoako batel ligako hirugarren jardunaldia zuten jokatzekoa larunbat goizean Orioko itsasadarrean, Zarautz Arraun Elkarteak antolatuta. Hasi, hasi zuten kirol jarduera, baina hasi eta ia berehala itzuli behar izan zuten arraunlariek lehorrera. Lehen hiru kategorietako lanak egin zituzten, baina eguerdi partean izandako eguraldi aldaketagatik Gipuzkoako Arraun Federazioko ordezkariek arraunketa saioa bertan behera uztea erabaki zuten, arraunlarien beraien segurtasuna bermatzeko.
Infantil nesketan, Zarautz hirugarren izan zen, Orio A zortzigarren, Zumaia bederatzigarren, Orio B hamargarren eta Getaria A hamahirugarren. Infantil mutiletan, Zarautz B gailendu zen eta zarauztarren A ontzia hirugarren izan zen. Jokatutako azken estropadan, promesa neskatan, Zumaia A zazpigarren izan zen eta Getaria hamahirugarren.
Hurrengo jardunaldia, laugarrena, datorren asteburuan jokatuko dute, Trintxerpen.