Orioko Udalak Ondasun Higiezinen Zergari dagozkion bi hobari-mota onartu ditu aurten ere. Bat familia ugarientzat da, eta bestea, aldiz, energia berriztagarriko sistema homologatuak instalatuak dituzten ondasun higiezinetarako. Interesa dutenek otsailaren 28ra arteko epea dute hobari horiek eskatzeko.
Familia ugarientzako hobariak
Familia ugarientzako hobariaren eskaera urtero aurkeztu behar dute herritarrek. Alegia, iaz eskatu izanak ez die eskubiderik ematen aurten ere jasotzeko; berriro eskatu behar dute.
Familia ugari direla akreditatuta daukatenek etxebizitza batentzako eskatu dezakete hobaria. Horretarako baldintza batzuk bete behar dituzte, hala nola, etxebizitzak familia ugariaren ohiko bizitokia izan behar du eta familiako kideek bertan erroldatuta egon behar dute. Gainera, familiako inor ez da izan behar beste ondasun higiezin baten jabe.
Hobariak bi motatakoak dira:
- Familia ugari berezientzako hobaria: %90.
- Familia ugari orokorrentzako hobaria: %50.
Hobariaren eskaera egiteko, interesdunek eskaera-orri bat bete beharko dute eta udal bulegoetan edo udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu. Eskaerarekin batera, beste dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, hala nola, familia ugariaren txartela, Ondasun Higiezinaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordainduta dagoela akreditatzen duen agiria eta zinpeko aitorpena, adieraziz familiako inor ez dela beste ondasun higiezin baten jabe.
Energia berriztagarriko sistema homologatuak instalatu dituztenentzako hobariak
Hobari hau jaso ahal izango dute energia berriztagarrien bidezko aprobetxamendu termiko edo elektrikoko sistemak dituzten ondasun higiezinek. Instalazio horiek Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EITE) bete beharko dutela jakinarazi du udalak. Eraikina Eraikuntzaren Kode Teknikoaren eta Energia Aurrezteko Araudiaren (CTE-DB-HE) arabera egina bada, ez da hobari hau aplikatuko.
Hobaria zergaren zenbatekoaren %40koa izango da. Eskaera egiteko, eskaera-orri bat bete beharko dute interesatuek eta udal bulegoetan edo udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu, dokumentazio honekin batera: Ondasun Higiezinaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordainduta dagoela akreditatzen duen agiria.
Hobaria behin bakarrik aplikatuko zaie, eskaera egiten den urtean, zehazki. Bestalde, hobariak jasotzeko egunean egon behar du udal-zergen ordainketan. Baldintza hau nahitaezkoa da hobaria jasotzeko eta, ez bada betetzen, galdu egingo du eskubidea.