Lilatoia korrika proba elkarrekin prestatzeko aukera emango du Saregile emakumeen etxeak, eta horretarako, bilera irekia egingo du gaur arratsaldean. Hitzordua 18:30ean da, Saregilen (Kale Nagusia, 17). Han erabakiko dute noiz egin entrenamenduak, eta azaldu dute Lilatoiaren egunean ere elkarrekin joango direla Donostiara. Hala, emakume guztiak animatu dituzte egitasmo honetan parte hartzera.
Lilatoia emakumeen lasterketa Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira ospatzen da urtero Donostian. Berdintasuna aldarrikatuz, adin guztietako milaka emakumek egiten dute bost kilometroko ibilbidea. Aurtengoa 35. edizioa da, eta otsailaren 23an izango da hitzordua.