Ireki dute eskola-umeen aurtengo literatur eta marrazketa lehiaketan lanak aurkezteko epea

Julene Sorarrain 2025ko urt. 22a, 11:00

Eskola-umeen literatur lehiaketako sari banaketa, 2022an. (utzitakoa)

Lehiaketa LH3tik DBH4ra bitarteko ikasleei zuzenduta dago, eta parte-hartzaileek herriko bi ikastetxeetako zuzendaritzetan eta udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztu ditzakete lanak. Martxoaren 28a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

Orioko Udalak eta herriko bi ikastetxeek elkarlanean, literatur eta marrazki lehiaketaren 38. edizioa antolatu dute. Lanak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko, eta martxoaren 28an bukatuko da. Interesdunek herriko bi ikastetxeetako zuzendaritzetan edo udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztu ditzakete beren lanak. LH3tik DBH4ra bitarteko ikasleek har dezakete parte.

Literatur lehiaketaren oinarriak

Lehiaketaren oinarriak hauek dira:

  • Lanak euskaraz idatziak eta jatorrizkoak izango dira. 
  • Gaia librea da. 
  • Partaide bakoitzak lan bat aurkez dezake, gehienez, modalitate bakoitzean. 
  • Irakasleek animatu egingo dituzte haurrak parte hartzera; baina ez dituzte behartu behar. Parte-hartzea boluntarioa da.
  • Zortzi maila izango dira: Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailak eta DBHko guztiak. 
  • Maila bakoitzean bi modalitate izango dira:
    • Ipuina
    • Olerkia edo bertsoa 
  • Lanak, gehienez, bost orrialde luze izango dira. 
  • Parte-hartzaileek oriotarrak izan behar dute edo Orion bizi edo ikasi. 
  • Lanak ordenagailuz idatzita aurkeztu behar dira. 
  • Adierazi beharreko datuak:
    • Izen-deiturak
    • Adina
    • Ikastetxea eta ikasketa maila 
  • Datu horiek ipuinaren edo olerkiaren bestaldean adierazi behar dira garbi. 
  • Argitaratzen diren lanen egileek saritxo bana izango dute. Udalak maila bakoitzeko bi ipuin eta bi olerkirik onenak argitaratuko ditu. 
  • Lanak Orioko bi ikastetxeetako zuzendaritzetan edo Udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztu behar dira 2025eko martxoaren 28a baino lehen. 
  • Epaimahaia Orioko Udalak izendatutako bi pertsonak osatuko dute.
  • Orioko Udalak eskubidea izango du aukeratutako lanak argitaratzeko.

Marrazki lehiaketaren oinarriak

Urtero bezala, marrazki-lehiaketa ere egingo da eta bi lehiaketetara aurkeztutako lanik onenak bilduko ditu udalak argitaratuko den liburu batean. Marrazki-lehiaketaren oinarriak hauek dira: 

  • Gaia librea da. 
  • Partaide bakoitzak, gehienez, bi lan aurkeztuko ditu. 
  • Irakasleek animatu egingo dituzte haurrak parte hartzera; baina ez dituzte behartu behar. Parte-hartzea boluntarioa da. 
  • Zortzi maila izango dira: Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailak eta DBHko guztiak. 
  • Parte-hartzaileak oriotarrak izan behar dute edo Orion bizi edo ikasi. 
  • Egokiena marrazkiak folio baten tamainan aurkeztea da. Hala ere, onartuko dira beste neurritan egindakoak. 
  • Izen-deiturak eta gainontzeko datuak marrazkiaren bestaldean adierazi behar dira garbi. 
  • Marrazkiak edozein teknika erabiliz egin daitezke: pinturak, errotuladoreak, akuarelak…
  • Argitaratzen diren lan guztien egileek saritxo bana izango dute.
  • Lanak Orioko bi ikastetxeetako zuzendaritzetan edo Udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztu behar dira 2025eko martxoaren 28a baino lehen.
  • Epaimahaia Orioko Udalak izendatutako bi pertsonak osatuko dute. 
  • Maila bakoitzeko lau lanik onenak argitaratuko dira. 
  • Orioko Udalak eskubidea izango du aukeratutako lanak argitaratzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide