Orioko EAJ udal taldeak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapen, Portu eta Itsas Gaietako zuzendari Koldo Goitiarekin bilera "giltzarria" egin du "kostalderako eta itsasadarrerako hobekuntzak bultzatzeko". Bileran tokiko komunitatearentzat "lehentasuna duten itsasertzaren eta itsasadarraren inguruarekin lotutako gaiak" jorratu dituzte, besteak beste, kaian eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenpeko pasealekuetan egin beharreko lanez aritu dira. "Gune horiek oso garrantzitsuak dira jarduera ekonomikorako eta herritarren gozamenerako, eta, beraz, horiek mantentzea eta hobetzea funtsezkoak dira Orioko segurtasuna, erakargarritasun turistikoa eta bizi kalitatea bermatzeko".
Bilera horretan itsasadarraren inguruko garapen aukerak ere aztertu dituztela esan du EAJk, eta "eremu enblematiko horren balioa indartzeko aukerak" ere aztertu dituztela. "Garapen jasangarri eta orekatuan lagun dezaketen ekimen potentzialak identifikatzea ahalbidetu du solasaldiak", gaineratu du alderdiak.
Orioko EAJ udal taldearentzat topaketa "oso emankorra" izan da, "alde guztiek Orioko aurrerapenarekin duten konpromisoa islatuz". EAJk nabarmendu du Eusko Jaurlaritza "prest" dagoela tokiko azpiegiturak hobetzen laguntzeko, eta aurreratu du lankidetza horrek "herritarrei mesede egingo dieten proiektuak ekarriko" dituela.