Urtero Sahararen aldeko euskal karabana abian jartzen dute Euskal Herriko eragileek Piztu itxaropena lelopean, Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren milaka herritarrei laguntza emateko asmoz. Horren harira, janari bilketa egiten hasiko dira datorren astean Orion. Ikastetxeetan sentsibilizazio hitzaldiak eskainiko dituzte, herriko sahararrek beren herrikideen egoera ezagutarazteko, baita janari bilketak abiatu ere.
Bestalde, herritarrei zuzendutako janari bilketa egingo dute datorren asteburuan Eroski handian jarriko duten postuan. Urtarrilaren 24an, ostiralarekin, 17:00etatik 20:30era bitartean izango dira supermerkatuan; larunbatean, aldiz, goizeko 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era bitartean izango dira. Gainera, otsailaren 1ean, larunbatarekin, Herriko Plazan izango dira bilketarekin jarraituz. Egunerokoan oso beharrezkoak diren produktuak bilduko dituzte, besteak beste, arroza, dilistak, babarrunak, pasta, hegaluze-latak, sardinak, azukrea, medikamentuak eta konpresak.