Sailkapenaren goialdean dira Orioko Futbol Taldeko bi senior taldeak

Onintza Lete Arrieta 2025ko urt. 13a, 17:50

2024-2025 denboraldiko Orioko Futbol Taldeko bi talde nagusiak. (Onintza Lete Arrieta)

Asteburuan emaitza gazi-gozoak izan dituzte Orioko bi talde nagusiek, baina sailkapenean indartsu daude biak. Emakumezkoen Gorengo Mailako taldeak 2-6 irabazi du partida kanpoan, eta Gizonezkoen Gorengo Mailako taldeak, berriz, 2-5 galdu du etxean.

Aurrera doaz futboleko ligak; hamahirugarren eta hamalaugarren jardunaldiak jokatu dituzte Orioko Futbol Taldeko bi talde nagusiek, hau da, gizonezkoen eta emakumezkoen gorengo mailetako taldeek. Gizonak liga erdira iritsi dira, eta emakumeek partida gehienak jokatu dituzte dagoeneko.

Joan den asteburuan emaitza gazi-gozoak erdietsi dituzte, gizonek etxean galdu baitute 2-5 Roteta talde donostiarraren kontra. Emakumeek, berriz, 2-6 irabazi diote Goierri-Gorririk etxetik kanpo.

Sailkapenari begiratua botata, berriz, emaitza onak izaten ari dira bi taldeak, hirugarren postuan baitaude emakumezkoak, eta bosgarrenean, gizonezkoak. 17 puntu dituzte neskek, eta berdinduta daude laugarren postuan den Urnietarekin. Gizonak ere berdinduta daude, baina haiek goikoarekin, laugarren dagoen Ostadar taldearekin (Lasarte-Oria).

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide