Arraunlari, entrenatzaile eta laguntzaile guztiak zoriondu ditu Orio Arraunketa Elkarteak atzoko txapelketagatik

Onintza Lete Arrieta 2025ko urt. 13a, 14:35

Oriotarren talde argazkia, atzo txapelketa gunean. (Orio Arraunketa Elkartea)

Atzo eguerdian jokatu zen Aulki Mugikorreko Gipuzkoako Ibilbide Luzeko Txapelketa Bidasoa ibaian, eta oriotarrek sei garaipen eta beste hainbat domina eskuratu zituzten.

Aulki Mugikorreko Gipuzkoako Ibilbide Luzeko Txapelketatik hamabost dominarekin itzuli dira oriotarrak. Atzo, igandea, jokatu zen Bidasoa ibaian, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean, eta sei urre, sei zilar eta hiru brontze eskuratu zituzten Orio Arraunketa Elkarteko kirolariek. Garaipena eskuratu zutenen artean daude gizonezko absolutuak, eta guztiek egindako lana txalotu nahi izan du arraun klubak.  Kategoriaz kategoria egin dio balorazioa klubak Gukari: "Elkarte bezala parte hartze handia izan dugu. Emaitza aldetik, berriz, kontuan edukita arraun eskolan aldaketa batzuk egin ditugula, gustura geratu gara. Ontzi eta kategoria batzuk hastapenetan dabiltza eta horien fruituak, datozen urteetan jasotzea espero dugu. Gaztetxoen artean zaharrenek, berriz, emaitza oso onak lortu dituzte, eta gustura gaude".

Absolutu gizonezkoen garaipena ere izan dute hizpide elkartekoek: "Absolutu gizonezkoek aurreko urtean galdutako lehen postua berreskuratu dute eta, bide horretan, lanean eta hobetuz joatea espero dugu"

Klubak esker oneko hitzak izan ditu partaide guztientzat –25 ontzi eta 75 arraunlari–, baita atzeko lana egiten dutenentzat ere: "Zorionak eman nahi genizkieke arraunlari guztiei eta beraiekin egunero lanean dabiltzan entrenatzaile zein laguntzaile guztiei".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide