Igande eguerdian, 13:30ean hasiko da Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Distantzia Luzeko Txapelketara Bidasoa ibaian, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean, eta ohi bezala, Orio Arraunketa Elkarteak ontzi asko uretaratuko ditu: 25, guztira, klubak jakinarazi duenez.
Infantiletan 7 ontzi uretaratuko ditu, eta guztira 19 arraunlari joango dira; kadeteetan 8 ontzi uretaratuko dira, eta 25 arraunlari; jubeniletan 7 ontzi, 20 arraunlarirekin; eta absolutuetan, azkenik, 3 ontzi, 11 arraunlarirekin. 75 arraunlarik jardungo dute, beraz, izerdia botaz.
Batel liga, bihartik aurrera
Bestalde, bihar, larunbata, hasiko da batel liga. Oriok ez du parte hartuko, eta klubak eman ditu horren arrazoiak ere: "Egutegiagatik, ezinezkoa da arraun eskolan batelak eta aulki mugikorra ondo uztartzea; senior gizonezkoetan, berriz, lehentasuna traineruak dauka eta horri, zortzikoaren praktika ere gehituko diogu". Hala ere, ligan zeharreko estropada solteetara joateko asmoa du Orio Arraunketa Elkarteak, bai arraun eskolarekin, bai absolutu gizonezkoekin ere. "Absolutu emakumezkoak, berriz, buru-belarri jardungo dira traineruko prestaketetan".