Orioko Surf Txapelketa, "giro ezin hobean"

Onintza Lete Arrieta 2025ko urt. 8a, 11:28

Urtearen hondarrean jokatu zuten txapelketa, eta Orioko Surf Taldeak gogoan izan zuen aurten hil den Nestor Kaperotxipi. Antonio Jakak propio egindako artelana eman zioten Kaperotxipiren aitari oroigarri gisa.

Orioko Surf Taldeak amaiera polita eman dio urteari, Orioko Surf Txapelketa egin baitzuten abenduaren 28an Antillan. Zuzendaritzako kideak gustura gelditu ziren jardunaldiarekin, "giro ezin hobean" ospatu zutelako txapelketa: "Metro eta erdiko olatu onak, eguzkia, haizerik ez, tenperatura ona, eta ikusleak egun osoan zehar", azaldu diote Gukari.

Momentu hunkigarriak ere egon ziren, aurten hil den Nestor Kaperotxipi gogoratu zutelako, eta haren aitari Jose Antonio Jakak propio egindako artelana eman ziotelako oroigarri gisa.

Txapeldunek ere Jakak berak txapelketarako sortutako piezak jaso zituzten. Honakoak izan ziren garaileak eta podiuma osatu zutenak kategoriaz kategoria:

  • Open kategorian: Liber Gesalaga txapeldun, Lander Zumeta bigarren, Mikel Agote hirugarren eta Alex Etxeberria laugarren.
  • Bodyboard modalitatean: Unai Zubizarreta txapeldun, Ibai Aranguren bigarren, Mikel Elustondo hirugarren eta Einer Aranguren laugarren.
  • Master kategorian: Iñigo Fernandez txapeldun, Jose Luis Agote bigarren, Iker Ostolaza hirugarren eta Leire Valverde laugarren.

(Argazkiak: Orioko Surf Taldea)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide