Gabonak amaierara iristen ari dira, eta hori, askorentzat, tristuraren sinonimoa da, lanera edota ikastetxeetara itzuli behar dutelako. Dena den, alai egoteko arrazoirik bada oraindik, oporraldiko azken uneak igaro gabe baitaude, eta horren erakusle izan da gaurko Errege Magoen iritsiera. Munduko hainbat txokotara bezela, Oriora ere arratsaldean heldu dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, herriko haurrak agurtu eta karameloak banatzeko prest. Bere aldetik, asko eta asko izan dira kalean zain zeuden ume nahiz gurasoak. Horietako askok, gainera, lekua hartua zuten kaleetan barrena Errege Magoak ahalik eta hoberen ikusteko.
Eguraldia lagun, herri sarreran hasi dute ibilbidea, eta herriko hainbat kaletan barrena ibili ostean, plazan amaitu dute hitzordua. Errege Magoak ez dira bakarrik izan ibilbidean, eta lagun izan dituzte danbor jotzaile, txaranga eta umeak.
Etxeko txikienen nahi eta eskakizunak entzunda, beraz, beraien lana egingo dute gauean zehar Errege Magoek, eta umeen zeregina izango da oinetakoak txukun-txukun utzita bihar goizera arte itxarotea.