Gorka Etxeberria hirugarren izan da Binakako Harri Jasotze Txapelketetan

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 1a, 14:15

Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarra eta Zarauzko bizilagun Paulo Azpiazu osintxuarra izan dira garaile. Jaialdi berean, Agustin Ostolaza aitoaren koparekin erakustaldia egin du Udane Ostolazak.

Asteasuko Usarrabi pilotalekua herri kirolen topaleku bihurtzen da urtero Urtezahar arratsaldean, eta atzo ere hainbat final jokatuko zituzten; tartean, Urrezko Aizkolari Kopakoa eta Binakako Harri Jasotze Txapelketetan, non eskualdeko kiriolarien parte hartzea izan zuen.

Harrijasotzeko finalean, gizonezkoen zein emakumezkoen mailan, hiruna bikote zeuden aurreikusita, baina azkenean bi aritu ziren emakumezkotan; guztiek lau harri ezberdinekin egin zuten lan. Gizonezkoetan, Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak eta Zarauzko bizilagun Paulo Azpiazu osintxuarrak osatutako bikoa izan zen garaile, 86 jasoaldirekin, baina 10.999 kilo lortuta;  bigarrena, Imanol Royo Lartain eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak, 94 jasoaldirekin, eta 10,963 kilorekin; eta hirugarren, Gorka Etxeberria oriotarrak eta Beñat Telleria lasartearrak osatutakoak, 90 jasoaldirekin, eta 10.436 kilorekin.

Emakumezkoen, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga zarauztarrak gailendu zitzaien Ainitze Zumeta zarauztarrari eta Goizeder Abendibar mallabitarrari. Osa-Gesalagak 101 jasoaldi eta 6503 kilo lortu zituzten; Zumeta-Abendibar gertu izan zituzten, baina, azkenean, bigarren sailkatuek 98 jasoaldi eta 6438 kilo erdi zituzten.

Urrezko Aizkolarien kasuan, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak jantzi zuen txapela. Aise osatu zituen hamabi kanaerdiko mozteko lanak, 23:10eko denbora eginez, eta ia minutuko bateko aldea atera zion Mikel Larrañagari (25:07). Hirugarren postua Jokin Urretabizkaia Basozabalentzat izan zen; denbora asko galduta, 29:12eko denbora behar izan zuen lanak amaitzeko.

Jaialdian zehar une hunkigarriak ere izan ziren. Udane Ostolaza oriotarrak bere aitona Agustin Ostolazaren 100 kiloko koparekin erakustaldia egin zuen, eta Maikar Aristegi iturendarrak gauza bera ingudearekin. Biek ala biek oroigarri bana jaso zuten proba egin bezain pronto.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide