Giro ederra nagusitu da beste urte batez Orioko Atletismo Taldeak, Orioko Udalarekin elkarlanean, antolatutako San Silbestre lasterketan Helduen lasterketak 300 lagun pasatxo bildu ditu, eta parte hartzaileek askotariko erronkak izan dituzte: ahalik eta denbora onena egitea, urtea kirola eginez agurtu, lagunartean ondo pasa, mozorrotuta atera... Baina proba bat den heinean, eta dortsal bat soinean ipintzen den unean, ezinezkoa da lehia alboratzea, eta Orioko lasterketak ere baditu bere irabazleak. Aurtengo txapeldunak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, Xabat Elortza oriotarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra izan dira.
Lasterketa hasi bezain pronto, Martin Iriondo jarri da buru, eta lehen itzulirako tarte polita ireki du atzekoengandik. Hari jarraika, Jokin Bellido eta Xabat Elortza zihoazen elkarrekin, eta bikoteak metro gutxira zituen, orpoz orpo, Mikel Usandizaga, Mikel Azkue eta Imanol Bellido, besteak beste. Bigarren itzulirako, ordea, gauzak erabat aldatu dira; izan ere, Iriondok amore eman du, eta Elortza eta Bellido jarri dira aurretik. Azkenean, esprintean erabaki dute garaipena: Elortzak 15:05eko denboran osatu du proba, eta bi segundora helmugaratu da Bellido; Iriondo izan da hirugarren, minutu erdira.
Emakumezkoetan, June Agirrezabalaga jarri da hasieratik aurretik tiraka, eta bakarrik egin du 5.000 metroko ibilbidea inolako arazorik gabe, 17:45eko denboran. Bigarren sailkatu den Libana Taboadari tarte nabarmena atera dio; honek ere bigarren postuari eutsi dio hasieratik bukaerara arte (18:31). Hirugarren postuarekin egon da joko gehixeago: Marina Gonzalez irundarra laugarren zioan lehen itzulia, Sara Agirre hendaiarraren atzetik, baina azkenean hirugarren sailkatu da (18:59), eta Agirre laugarren izan da (19:25).
Lasterketa nagusiaren aurretik, ohi bezala, haurren San Silbestre lasterketak ere egin dituzte, adin tarte bakoitzari egokitutako ibilbidearekin. Etxeko txikienak gustura aritu dira korrika, eta gustu handiz jaso dute domina oroigarria.