Asteasuko Usarrabi pilotalekua herri kirolen topaleku bihurtzen da urtero Urtezahar arratsaldean, eta gaur arratsalderako ere hainbat final jokatuko dituzte; tartean, Binakako Harri Jasotze Txapelketak, hainbat zarauztarren parte hartzearekin.
Gizonezkoen zein emakumezkoen mailan hiruna bikote ariko dira lehian. Gizonezkoetan, ondorengoek osatuko dute bikotea: bata, Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak eta Zarauzko bizilagun Paulo Azpiazu osintxuarrak; bigarrena, Gorka Etxeberria oriotarrak eta Beñat Telleria lasartearrak; eta hirugarrena, Imanol Royo Lartain eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak. Emakumezkoen, honako hauek: Lierni Osa eta Maddi Gesalaga zarauztarrak, Ainitze Zumeta zarauztarrak eta Goizeder Abendibar mallabitarrak, eta Patricia Martin galiziarrak eta Ane Atxutegi usansolotarrak.
Jaialdia 16:45ean hasiko da, eta harrijasotzeaz aparte, Urrezko Aizkolari Kopa Txapelketaren finala jokatuko dute Julen Alberdi Txikia IV.ak, Mikel Larrañagak eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek. Era berean, Binakako Aizkolari Kopako finalak ere jokatuko dituzte gazteen mailan eta emakumezkoetan.