Juan Angel Garmendia 'Xarpas': "Dokumentalak hamabost egun haietan bizitakoa kontatzen du"

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 28a, 13:00

Juan Angel Garmendia 'Xarpas', 2007an patroi lanetan, espedizioko kide batzuekin.

Itsasoko erromesak dokumentala emango dute bihar arratsaldean Kultur Etxean, eta amaieran, herritarrek galderak egiteko aukera izango diote 2007ko itsas zeharkaldian parte hartu zuenetako bati, Juan Angel Garmendia Xarpasi, hain zuzen. Ikus-entzunezkoa aurreneko aldiz erakutsiko diete herritarrei.

2007an, Orioko eta inguruko 27 lagunek Done Jakue bidea egin zuten elkarrekin arraunean, Irundik (Gipuzkoa) abiatu eta Santiago de Compostelara arte (Galizia). Urtzi Garmendia oriotarrak Itsasoko erromesak izeneko dokumentala osatu zuen bidaian jasotako irudiekin, eta urte hartan bertan argitaratu zuen. Haren aita da dokumentaleko protagonistetako bat, bidaia hura egin zuenetako bat delako: Juan Angel Garmendia, Xarpas. Hain zuzen, bera egongo da bihar 18:00etan Kultur Etxean proiektatuko duten dokumentalaren ondoren herritarren galderei erantzuten.

"Dokumentala 2007an egin zen, baina orain arte ez diegu herritarrei erakutsi", azaldu dio Xarpasek Gukari. Ia hogei urte pasatu dira balentria hartatik, baina oriotarrak ondo gogoan ditu abuztu hartan bizitakoak, "une gogorrak zein politak, guztiak", azaldu du. Dokumentalak ere denetarik erakusten duela kontatu du: "Ordubeteko dokumentaean jasotzen dira zeharkaldiak iraun zituen hamabost egun haietan bizitakoak, traineru barruan nahiz lehorrean: non lo egiten genuen, zer eta non jaten genuen, nolako itsasoa tokatzen zitzaigun...".

Espedizioko kide guztien adierazpenak ere jasota daudela esan du, eta bereziki bi kide izan ditu gogoan, biak zendu zirelako: Eugenio Cotado eta Jose Antonio Salsamendi. "Eugenio Cotado izan zen proiektuaren sustatzailea, berak esaten zuen zailtasunak zailtasun, jendea inguratuz gero egin egin behar zela zeharkaldia", gogoratu du Xarpasek.  Ez zen lantegi erraza izan, eta "gerora gehiago saiatu diren arren, inork ez du lortu" Done Jakue bidea arraunean egitea.

Biharko emanaldirako sarrera doakoa da, eta ez da aurrez gonbidapenik hartu behar.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide