Entrenatzaile berria izateaz gain, Oriok patroi berria ere izango du. Ezagun zaharra da elkartean Gorka Aranberri (Zarautz, Gipuzkoa, 1987), bertan aritu baitzen 2017tik eta 2020ra. Haren aldeko apustua egitea izan zen Iker Zabalaren aurreneko erabakietako bat Orion. Urdaibain dena irabazi ostean, Orion ere gauza bera egiten ahaleginduko dira biak ala biak. Aranberrik badu pizgarri bat horretarako: hura patroi zela irabazi zituen Oriok azken liga eta Kontxa. Hala ere, adierazi du «oinak lurrean» dituela.
Zer moduzkoa ari da izaten Oriora buelta?
Oso ona, egia esan. Taldea gogotsu dago, eta ilusioa nabaritzen da arraunlarien artean eta herrian. Denboraldia bukatu eta Iker Zabala Oriora zetorrela jakin zenean, zalaparta pixka bat sortu zen, baina hori normala izaten da, eta herria bizirik dagoen seinale. Ondo hartu gaituzte, eta lanean ere ondo hasi gara.
Oraintxe bertan, zertan jarri du arreta Zabalak?
Ikerrentzat berria da dena. Nik arraunlari asko ezagutzen nituen hemen egon nintzenetik, eta harentzat denak dira berriak. Ikuskatzaile lanak egiten ari da oraingoz. Oraindik ez dugu esfortzu probarik egin, eta hark ere ez du ezagutzen arraunlari bakoitzak daukan motorra. Horrekin batera, uretako teknika lantzen eta lortu nahi dugunaren teoria azaltzen ari da.
Oriora etortzeko Urdaibai utzi duzu atzean. Zer dela eta?
Arrazoiak bat baino gehiago izan dira. Kirol arloan ez zegoen aitzakiarik bertan jarraitzeko. Talde ona gelditu da, eta Iker joan ondoren, fitxatu zezaketen entrenatzailerik onena fitxatu dute. Egia da nik goi-goian utzi dudala, dena irabazita eta banderen errekorra lortuta. Gehiago ezin nion eskatu neure buruari, eta nik uste dut hori dela garairik onena talde bat uzteko. Baina arrazoirik handiena distantzia izan da: Bermeo etxetik urruti dago. Nik nire lana daukat, hiru ume dauzkagu familian, errepidean kilometro asko egin behar ditut, eta bakoitzak bere mugak jarri behar ditu. Etxetik gertuago beste proiektu bat atera da, eta horrek kontziliazioa erraztuko dit. Iker ere etorri da, eta jendea gogotsu dago.
Urdaibaik aro aldaketa izango du. Orain indarrean sartuko diren arauek zerikusia daukate? Ez zen erraza izango erabakia hartzea…
Erabakia hartzea inoiz ez da erraza izaten, eta are gutxiago maitatua sentitzen zaren toki bat utzi behar bada atzean. Baina uste dut amaiera emateko garairik onena zela. Bermeon beti egon da itzala harrobiko arraunlarien kontuarekin. Baina 22 urtean hamar liga irabazi ditu, beti kupoen arauak beteta, eta azken hirurak, jarraian. Lana eginda egin diete aurre muga horiei.