Gozategik dantzan eta kantuan jarri du Orio

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 26a, 12:24

Atzo iluntzean kontzertua eskaini zuen Asier Gozategiren taldeak Herriko Plazan, eta leporaino bete zen hura. Oholtza gainera herriko hiru panderojole gaztetxo igo ziren abestietako batean, eta Benito Lertxundiri eskerrak eman nahi izan zizkioten, Loretxoa joz kontzertuaren amaieran.

Gozategik giro paregabea jarri zuen atzo iluntzean Herriko Plazan. Sanikolasetan ematekoa zen kontzertua eguraldi txarragatik atzeratzea erabaki zuten atzo iluntzera, Eguberri egunera, eta plaza goraino bete zuen Orioko taldeak. Asier Gozategi ez ezik, beste bi oriotar ere izan ziren oholtzan, biak tronpeta joz: Iñigo Perona eta Asier Sarasola. Ainhoa Gozategi ere igo zen eszenatokira hainbat abestitan panderoa astintzera.

Herritarrentzat keinu politak izan zituzten: hiru gaztetxo ibili ziren taldearekin panderoa joz pare bat abestitan, eta kontzertua amaitzeko, Benito Lertxundiri eskerrak eman nahi, eta Loretxoa kantua jo zuten. Entzuleek hasieratik bukaerara abestu zuten Lertxundiren kanta, baita beste asko ere.

Dantzan, kantuan, eta kalejiran ere jarri zituen Gozategik oriotarrak.

(Argazkiak: Joxemari Olasagasti eta Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide