Haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute gaur arratsaldean Kultur Etxean

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 21a, 09:15

'Teilatupean' antzezlaneko irudi bat.

Teilatupean izeneko antzezlanerako sarrera doakoa da, eta ez da aurrez gonbidapenik hartu beharko. Antolatzaileen esanetan, 5-11 urte arteko umeentzako saioa da, ordubete ingurukoa.

Orioko Udalak etxeko txikienekin ere pentsatu du Gabonen egitaraua antolatzerakoan. Gaur arratsaldean, esaterako, Teilatupean izeneko ikuskizuna eskainiko du, 17:00etan hasita, Kultur Etxean.

Sarrera doakoa da eta ez da aurrez gonbidapenik eskuratu behar. Antolatzaileen esanetan, 5-11 urte arteko umeentzako saioa da, eta ordubete iraungo du.

Sinopsia

Ikuskizunak Lur eta Dororen istorioa kontatzen du. Lurrek haserre ihes egin du gurasoenetik, bere etxea eraikitzeko asmoz, han nahi duen guztia egin ahal izateko. Auzoko orube batean Doro topatu du, munduko bazter guztiak ezagutzen dituen baina inon bizi ez den artista ibiltaria. Lau makil, kutxa parea eta maindire soil batekin beren ametsetako etxea eraiki dute —eta, etxearekin batera, adiskidetasuna—, oinarri sendoak izan arren, tarteka itute batzuk dituena, laguntasun guztien moduan.

Etxearen bueltan hainbat gai jorratzen ditu antzezlanak: adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, migrazioa, marjinazioa, duintasuna, bizitza-ereduen aniztasuna… Fantasiazko munduak helduen errealitatearekin parez pare topo egiten du eta haurren ahotsa eta zilegitasuna agerian geratzen dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide