Iñaki Arrillagaren 'Atea zabalik' eskultura ikusgai jarriko dute Donostian

Julene Frantzesena

Arrillagaren 'Atea zabalik' eskultura.

Gipuzkoako Artisten Elkarteak, 75. urtemuga dela eta, hainbat obraz osatutako erakusketa zabalduko du bihar, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Han jarriko dute ikusgai, elkarteak hautatu duen Arrillaga oriotarraren burdinezko eskultura.

Gipuzkoako Artisten Elkarteak erakusketa zabalduko du bihar, ostiralarekin, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean (19:00). Hainbat obra jarriko dituzte ikusgai; tartean, Iñaki Arrillagak burdinez egindako Atea zabalik eskultura. Izan ere, elkarte horrek, erakusketa osatzeko, oriotarraren lan hori hautatu du besteren artean. Urtarrilaren bukaerara arte egongo da zabalik erakusketa.

Gipuzkoako Artisten Elkartea 75. urtemuga ari da ospatzen aurten, eta ospakizunen barruan, kultura eta arte sorkuntza bultzatzeko eta sustatzeko xedez, pintura eta formatu txikiko eskultura sariketa antolatu du. Hainbat lan aurkeztu dituzte sariketara, eta besteak beste erakusketarako aukeratua izan da Arrillagaren eskultura.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide