San Nikolas eguneko egitarauaren barruan, pilota jaialdia zuen prestatuta Ospele pilota elkarteak, baina hori bertan behera uztea erabaki zuten, euriaren eta hezetasunaren ondorioz frontoiko lurra egoera oso txarrean zegoelako.
Hori horrela, hitzordua egunez aldatu dute eta III. Imanol Ibarguren Memorialeko finala abenduaren 27an jokatuko dute infantil mailako pilotariek, 17:00etan hasita, udal pilotalekuan. Bigarren mailan, Gonzalez eta Sagastibeltza lehiatuko dira Ezkioga eta Urruzolaren aurka. Lehen maian, aldiz, Eizagirre eta Iraola bikoteak Olazabalen eta Peñagarikanoren aurka jokatuko du.
Ondoren, afizionatuak irtengo dira pistara. Emakumezkoen mailan, Laia Salsamendi eta Nora Mendizabal lehiatuko dira Miren Larrarteren eta Miriam Arrillagaren aurka. Gizonen mailan, aldiz, Oinatz Bengoetxeak eta Aratz Irazustabarrenak Lorenz Orbegozoren eta Unai Albenizen aurka jokatuko dute.