Leioako III. Boxeo Jaialdian parte hartu du Mikel Arruabarrenak

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 16a, 15:00

Mikel Arruabarrena, Leioan, Ibai Marin entrenatzailearen azalpenak entzuten. (Utzitakoa)

Esperientzia hartzen ari da boxeolari oriotarra, nahiz eta ez zuen lortu borrokaldia irabaztea. Sorbalda bi aldiz atera zitzaion borrokaldian zehar, baina etsi gabe, saioa amaitzea lortu zuen.

River Box &Roll boxeo klubeko Mikel Bou Arruabarrena gaztea Leioako III. Boxeo Jaialdian izan da asteburuan, hango klubak gonbidatuta. Gazte oriotarra esperientzia hartzen ari da, eta gustura da haren lanarekin Ibai Marin entrenatzailea: "Borrokaldi paregabea egin arren, sorbalda bi aldiz atera zuen. Berak sartu zuen bitan bakar-bakarrik. Konbatea bukatu zuen inongo zalantzarik gabe bere adorea erakutsiz. Arerioari ederki egin zion aurre! Boxealari bikaina da gure Mikel".

Arruabarrenak Bizkaiko Openean debutatu du aurten bertan, urrian, eta finaleraino iritsi zen gazteen mailan, 71 kiloz azpiko kategorian. Txapeldunorde gelditu zen, azkenean.

Mikel Arruabarrena, eskuinean, lehiatu aurretik. (Utzitakoa)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide