San Nikolas jaiak 2024

66 bikote animatu dira Sanikolasetako I. Mus Txapelketa jokatzera

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 9a, 17:00

Festetako azken egunean, atzo, egin zuten txapelketa Arraunetxen. Hiru orduko lehiaren ondoren, Xabik eta Ibaik jantzi zuten txapela. Antolatzaileak pozik ziren atzo, eta esan dute aurten hasitako bideari jarraipena emateko asmoa dutela.

Orion lehenengo aldiz antolatu dute mus txapelketa San Nikolas jaien barruan, eta arrakasta izan du, 66 bikotek parte hartu baitute.

Jaien azken egunean, atzo arratsaldean, Arraunetxen izan zen hitzordua. Aurrena zozketa egin eta kanporaketa egin zuten, 64 bikoterentzat tokia zegoelako lehian, eta behin hori erabakita, denak batera hasi ziren jokoan. Taberna zerbitzua ere izan zuten eztarri lehorrak goxatzeko, eta pixkanaka, muslari trebeenak gelditu ziren lehian.

Sailkapeneko lehen postuak honela gelditu ziren: txapela Xabik eta Ibaik jantzi zuten, bigarren Enaitz eta Unai izan ziren, hirugarren Jose Ignacio eta Timo, eta laugarren, berriz, Mikel eta Eritz.

Sariak honakoak izan ziren:

  • Lehen saria: 800 euro, txapelak eta garaikurrak.
  • Bigarren saria: 300 euro eta garaikurrak.
  • Hirugarren saria: 100 euro.

Herriko kuadrilla baten ekimenez

Mus txapelketa herriko kuadrilla batek antolatu du udalaren laguntzarekin: Aitor Atorrasagasti, Paulo Argibe, Aratz Arregi eta Ignacio Zaldua. Atorrasagastik Gukari azaldu dioenez, Festa Batzordean proposatu zuten mus txapelketa antolatzea. "Udalak esan zigun geu gai baldin baginen txapelketa antolatzeko beraiek lagunduko zigutela, eta aurrera egin dugu". Harrerarekin gustura gelditu dira, eta argi dutehurrengo urteetan jarraitu egingo dutela. "Ez genuen hainbete bikote espero, baina eguraldi txarrak ere agian lagunduko zigun, bestelako planetarako girorik ez zegoelako, eta pozik gaude. Behin hasita, urtero antolatzeko asmoa dugu".

Mus zaleak dira kuadrillan: "Askotan joaten gara txapelketetara eta horregatik pentsatu genuen herrian bertan ere halako zerbait antolatzea, giroa sortzeko eta festetan zerbait gehiago eskaintzeko".

Herrian izaten da beste mus hitzordu bat ere, Euskal Herriko txapelketa herriz herri jokatzen delako, eta hango saioetako bat Kolon Txiki tabernan izaten delako.

Hemendik aurrera, Oriok bere txapelketa propioa izango du kirol horretan ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide