Orioko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea izango da bihar 12:00etan frontoian, gaurko herri bazkarian eraso bat izan dela salatzeko. "Gazteen Ahotsa taldeko kide batzuen eskutik erasoa jaso du herri mugimenduko kide batek, eta ez da eraso puntuala izan, aspalditik datorren jazarpena, eta sistematikoa bihurtzen ari dena, baizik", azaldu dutenez.
"Gazte horiek oso normalizatuta daukate erasotzea, eta inpunitate osoz jarduten dute. Horren aurrean, elkarretaratzea egingo dugu, ez dugu inolako erasorik onartuko", gaineratu dute.
Aurten sortu den taldea da Gazteen Ahotsa. Oraingoz, ez dute iritzirik plazaratu herri bazkarian gertatutakoaz.
Eragile guztiek bat egingo dute
Orioko Udalak herritarrak deitu ditu elkarretaratzean parte hartzera, eta jakinarazi du elkarretaratzea egiten den bitartean, 12:00etatik 12:30era, festa gelditu egingo dela eta festa eragile guztiek bat egingo dutela frontoiko agerraldiarekin.