San Nikolas jaiak 2024

Gregorio Escudero presoaren egoera salatzen ari dira sanikolasetan

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 7a, 10:55

Orioko Sarek atera dituen lepoko zapiak. (Onintza Lete Arrieta)

Orioko Sarek zapiak atera ditu, herritarrek lepoan eraman ditzaten festetan. Espetxe zaintzak jarritako azken baldintzak salatzea da helburua.

Herriko preso Gregorio Escuderoren egoera "salatzeko" zapiak atera ditu Orioko Sarek, eta herritarrak gonbidatu ditu sanikolasetan soinean eramatera harekin elkartasunez.

"Duela urtebete pasatxo hasi zen Gregorio kartzelatik ateratzeko baimenak baliatuz Oriora etortzen eta gure artera bisitak egiten. Baina azken berriak ez dira hain onak", esan du elkarteak. Antza, azken baimenak jasotzeko, "Oriotik kanpoko helbide bat emateko baldintza jarri dio espetxe zaintzak, nahiz eta jakin Gregoriok ez duela inongo debekurik bere sententzian". Horren aurrean,  Escuderok "uko egin die baimenei, egoera bere onera etortzen den arte".

Hori salatzeko atera ditu lepokoak Orioko Sarek. Herriko Plazako txosnan salgai daude, eta herritarrei sare sozialen bidez deia ere egin zien txupinazo garaian lepokoak jantzita jaiei ongietorria egiteko. "Bere eskubidea delako, Orion nahi eta behar dugu Gregorio! Horregatik, jantzi GregORIOra lepokoak eta gozatu San Nikolas jaiez!".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide