San Nikolas jaiak 2024

Hamaiketako ederrarekin hasi dituzte sanikolasak Zaharren Babeslekuan

Julene Sorarrain 2024ko abe. 5a, 12:00

Salda beroa eta txorixo egosia hartzeko aukera izan dute herriko jubilatuek. Arratsaldean Pello eta Nikolasa erraldoiek herriko kaleak girotuko dituzte, buruhandiekin eta Danbolin eskolako txistulariekin batera. Iluntzean, txupina jaurti eta herria festa giroan murgilduko da.

San Nikolas eguneko bezperan, herriko jubilatu asko Zaharren Babeslekuan elkartu da urteroko hamaiketakoa egiteko. Goizeko 10:30 aldera hasi dira elkartera gerturatzen, eta behin lekua hartuta, salda beroa, txorixo egosia eta ardoa nahiz sagardoa hartzeko aukera izan dute. Hamaiketakoa eguerdira arte luzatuko da, eta arratsaldean ere egongo da ospakizunik.

Pello eta Nikolasa erraldoiek herriko kaleak girotuko dituzte, buruhandiekin eta Danbolin eskolako txistulariekin batera. Ondoren, 20:00etan, festen hasierako txupina jaurtiko dute, eta gauean zehar hainbat musika emanaldi eskainiko dituzte txosnetan.

Gaurko egitaraua

  • 18:30. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta Danbolin musika eskolako txistulariekin.
  • 19:30. Burrunba elektrotxaranga. Ibilbidea: Endaia plaza, tabernen inguruan buelta egin eta Herriko Plazara.
  • 20:00. Festen hasierako txupinazoa, Orioko Erraldoien konpartsaren eskutik, eta txosnen irekiera. Segidan, Burrunba elektrotxarangarekin festa, plazan.
  • 20:30. Erromeria, plazan, Bide Batez taldearekin.
  • 23:00. Erromeria: Bide Batez.
  • 02:00. Fisher DJa, txosnetan.
  • 03:30. Xanta DJa, txosnetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide