San Nikolas jaiak 2024

Nola bizi dituzte San Nikolas festak adin desberdinetako oriotarrek?

Erredakzioa 2024ko abe. 3a, 17:32

Karmen Monreal

"San Nikolas jaietatik gehien gustatzen zaidana kaleko alaitasuna da. Festen barruko jarduerei dagokienez, jendea dantzan eta kantuan ikustea gustatzen zait. Orio jai herria da. Oro har, adin guztietako jendearentzako jarduerak antolatzen dituzte, ez zehazki nire adinekoentzat, oso heldua naizelako; 82 urte ditut. Ez dut uste jarduera gehiago gehitu behar direnik egitarauan, badaudelako kontzertuak eta haurrentzako jarduerak. Ni Pasaiatik nator, baina entzun dudanagatik, jaiak asko aldatu dira, eta hobeak dira gaur egun."

Oksana Slavych

"Nik tabernatik (Zaharren Babeslekutik) bizi ditut jaiak, eta San Nikolas festetatik gehien gustatzen zaidana da herri osoa elkartzea dela. Gainera, beste herri batzuetatik jende gehiago etortzen da, urteko azken jaiak direlako. Lasarteko edo Zarauzko nire lagunak etortzen dira gurekin ospatzera; denok animatzen gara. Egitaraua egokia dela iruditzen zait, ez dut uste besterik behar duenik. Oso ondo antolatzen dituzue jaiak. Denentzat ekitaldiak daude, bai helduentzat, baita haurrentzat ere. Orioko festak aldatzen ari dira, plaza oinezkoentzat jarri dutenetik, batik bat. Jende gehiago etortzen da, eta gurasoak lasaiago egoten dira, haurrak ez baitaude arriskuan, lehen bezala".

Axier Egaña

"Erraldoiak eta haurrentzako jarduerak dira orain gehien bizi ditugun ekitaldiak San Nikolas jaien baitan, izan ere, gure haurrekin igarotzen ditugu jaiak. Herri bazkariak eta denok parte hartzeko pentsatuta dagoen egitaraua dira sanikolasen osagai nagusiak. Baina, zerbait eskatzekotan, eguraldi ona eskatuko nuke festetako egun horietarako, jaietan askotan ez dugu zorte onik izaten eta. Gaueko martxa ez dut lehen bezainbeste jarraitzen orain, baina gau giro sanoagoaren falta sumatzen dut, gehienbat musikari dagokionez, eta euskal giroaren hutsunea ere nabari dut. Horren falta sumatzen dut."

Andoni Uranga

"Lagunekin denbora pasatu ahal izatea eta haiekin gozatzea dira festetan gehien gustatzen zaizkidan gauzak. Lagunekin dantza egin eta inor begira ez duzula sentitzea bezalako momentu erromantiko horiek ederrak dira; herriko festek bakarrik ahalbidetzen dute une horiek bizi ahal izatea. Gazteentzat aukera anitza egoten dela iruditzen zait. Musikari dagokienez, egunero egon ohi da kontzerturen bat edo erromeriaren bat. Musikaz gain, beste ekintzetara ere gustura joaten gara; herri bazkarira, adibidez. Egitarau oparoa eta anitza dugun arren, genero ikuspegia txertatzea falta dela iruditzen zait".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide