Urtea kirola eginez amaitzeko San Silbestre lasterketa antolatu du aurten ere Orioko Atletismo Taldeak abenduaren 31rako. Zirkuitua urterokoa izango da, eta abenduaren 30ean, 22:00etan itxiko dute inskribatzeko epea Kronoak.com atarian. Dena den, antolatzaileek jakinarazi dute lasterketarako izena abenduaren 22a baino lehenago ematen duenak nahi duen kamiseta neurria eskatu ahal izango duela. Izena epe hori baino geroago ematen dutenei, berriz, ez diete ziurtatzen neurria aukeratu ahal izango dutenik.
Helduen lasterketan parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtekoa da, eta 14 eta 16 urte bitartekoen gurasoek baimen-orria bete beharko dute lehenik. Sariak egongo dira lehenengo postuetan sailkatzen diren emakume eta gizonentzat, eta parte hartzaile guztien artean ere hainbat sari zozkatuko dituzte.
Beti bezala, umeentzako probak ere prestatuko dituzte, adin tarte bakoitzari egokitutako ibilbidearekin. Haurrek egunean bertan eman beharko dute izena, eta orduan jasoko dituzte beren dortsalak ere.
Honakoak izango da Orioko San Silbestre lasterketako ordutegiak:
- 11:00. HH5etik beherako haurren proba: 150 metro.
- 11:10. LH1 eta LH2koen lasterketa, Sarasua erretegitik helmugara: 300 metro.
- 11:20. LH3 eta LH4ko proba: 600 metro.
- 11:30. LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko haur eta gaztetxoen proba: buelta txikia 1.700 metro.
- 12:00. Helduen proba: buelta txikia eta handia 5.000 metro.