Urrian zabaldu zuten aurtengo San Nikolas jaietako omendua aukeratzeko deialdia, eta herritarren proposamenak aztertu ondoren, Orioko Udalak eta jai-batzordeak Orioko Erraldoiak konpartsa omentzea erabaki dute. Elkarteko kideek abenduaren 5eko festen irekierako txupina botatzeko aukera izango dute, udaletxeko balkoitik.
Lander Sarasola, konpartsako kideak, omenaldia "sorpresa handiz" hartu dutela adierazi du: "Egia da bi figurak ezagunak egiten ari direla herrian, eta haurrek asko maite dituzte. Pellorentzat eta Nikolasarentzat da omenaldia, ez guretzat".
Konpartsa 10 pertsona inguruk osatzen dute, eta aurtengo jaietan, omenaldia ez ezik, beren uniforme berria aurkezteko aukera izango dute ere: "Arropa berria egiten ari gara jaietarako, eta balkoian aurkeztuko dugu. Kamisetak, jertseak, galtzek, gerrikoak, zapiak eta txapelak osatzen dute uniforme berria. Logoaren diseinua Popatik agentziaren eskutik joan da. Eta arropa, aldiz, Laiaranek egin digu, arrantzaleen jantzietan oinarrituta".
Konpartsako kide Olaia Eizagirrek ere "poztasunarekin" jaso du albistea: "Ez duzu inoiz espero omendua izan zaitezkeela, baina hotzean pentsatuta eta erraldoi taldeko kideekin hitz egin ondoren, festetan asko mugitzen den ekintza bat dela ondorioztatu dugu. Hori horrela, oso gustura egiten dugun ekintza bat da, lantalde polita sortu dugu eta gure seme-alabak gure atzetik ibiltzen dira, erraldoi txikiekin. Oso aberasgarria da herriko festen parte sentitzea ekimen honen bidez, eta gure familian eragina du. Txupina botatzeak urduri jarri gaitu, baina harrotasunez eramango dugun medaila izango da eta betirako hor geratuko da. Eguna iristeko gogoarekin gaude".
Jaien programa osoa, bihar
Udalak jakinarazi du San Nikolas festetako programa bihar aurkeztuko dutela. "Adin guztietako herritarrek gozatzeko moduko eskaintza" osatu dute aurten, festa-batzordearekin elkarlanean, eta iaz bezala aurten ere, euskarri berezi bat prestatu dute UKTren laguntzaz: San Nikolas festetako gehigarria.