San Nikolas jaiak 2024

Dagoeneko eman daiteke izena sanikolasetako 3x3 Saskibaloi Festa Solidarioan

Julene Sorarrain 2024ko aza. 27a, 10:30

San Nikolas jaietako 3x3 festa solidarioa. (Guka)

Abenduaren 8an izango da saskibaloi festa, 09:00etatik aurrera, Karela kiroldegian. LH3tik DBH4ra bitarteko neska-mutilek hartu ahal izango dute parte.

Orioko Herri Ikastolak, ZAST saskibaloi klubarekin eta udalarekin elkarlanean, 3x3 Festaren hamabosgarren edizioa antolatu du, San Nikolas jaien programaren barruan. Abenduaren 8an, igandearekin, ospatuko dute, 09:00etan hasita. "Hasiera batean saskibaloia bultzatzeko lehiaketa zena, gaur egun festa solidarioa bihurtu da. Aurtengoan, gainera, itsulapiko solidarioa jarriko dugu ekarpen ekonomikoak egiteko, Arberoa ikastolak jasan dituen suteei aurre egin ahal izateko. Emaitzen gainetik, jai giroa eta solidaritatea protagonista izatea nahi dugu!". 

Antolatzaileek gogorarazi dute, talde kopurua mugatua dela, eta mugak aldakorrak izan daitezkeela maila bakoitzeko izen-ematearen arabera. Hortaz, maila bakoitzaren hasiera orduak izen-emate epea bukatu ostean e-posta bidez jakinaraziko dituzte, baita bilketan hartuko diren material zerrenda ere. 

Hauek dira mailak:

  • Benjaminak: LH3 eta LH4 (18 talde gehienez).
  • Minibasket: LH5 eta LH6 (18 talde gehienez).
  • Infantilak: DBH1 eta DBH2 (12 talde gehienez).
  • Kadeteak: DBH3 eta DBH4 (12 talde gehienez).

Partidak jokatzeko hiru multzo osatuko dituzte, hala nola, maila irekia, nesken maila eta mutilen maila. Parte-hartzaileek aukeratuko dute zein multzotan jokatu nahi duten (multzoren bat osatuko ez balitz, antolakuntzak moldatuko ditu partidak). 

Izen-ematea galdetegi honen bidez edota Karela kiroldegian egin daiteke, eta jokalari bakoitzak abenduaren 8an bertan borondatezko ekarpen ekonomikoa egingo du, bilketarako zerbait ekartzeko konpromisoa hartzeaz gainera. Trukean, jokalari guztientzat opariak izango dira. Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute pistako eremua umeentzat soilik izango dela, eta harmailatik animatzea izango dela gurasoen betebeharra.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide